XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), Jainkoaren aurrean hor barrena inor ez dagoela zin egidazu eta sinestu egingo dizut eta ez dut behin ere atea idekiko.

Andreak gurutzea hartu zuen eskuartean eta hala egin zuen: Zin dagizut.

Ozenago - esan zuen senarrak.

Eta errepikatu: Jainkoaren aurrean zin dagizut arropategi horretan inor ez dagoela.

Sena osoz errepikatu zuen esaldia emazteak.

Ongi da, ahozkatu zuen lehor monsieur Merretek, isilune motz baten ondoren gehitzeko: Benetan gauza ederra daukazu hemen, nik orainarte ohartu gabea, esan zuen zilarrezko xartaketak zeramatzan ebanozko gurutzearen tailu artistikoa aztertuz.

Duvivierrenean topatu nuen; honek ihaz prisionero andana hemendik igaro zenekoan espainiar erlijiotsu bati erosia ziolarik.

Ah!, ahoratu zitzaion monsieur Merreti gurutzea bere iltzetik eskegiz eta txirrina jo zuen.

Rosalia ez zen berandutu.

Monsieur Merret bidera atera zitzaion lehiatsu, lorategirantz zabaltzen zen leiho-egiara eraman eta ahapeka esan zion: Jakina dut, sobera ere, Gorenflotek esposatu nahi zaituela eta diru eskasia dela hein handi batean ezkontzaren engara bakarra eta zerorrek ere esana omen diozula, igeltsero moduan lanik aurkitu ezean ez zaituela inola ere esposatuko... ederki bada! Bila joan zaitez eta hona etortzeko esaiozu, plaunkaia eta bestelako lanabesak hartuta.

Hura ez beste inor iratzar dadin arduraz ibil zaitez eta (...).